Recent Library news

17 Oct 2011

Marsh Artzapezpikuaren Liburutegia

St. Patrick’s Close, Dublin 8, Ireland.

Irlandako lehen liburutegi publikoa

Marsh Liburutegia Irlandako lehen liburutegi publikoa da eta baita uharte hauetako zaharrenetarikoa ere. Narcissus Marsh artzapezpikuak eraiki zuen 1701. urtean. Diseinua Sir William Robinsonena da, lehentxeago Kilmainham-eko Royal Hospital-en arkitektua izan zenarena, alegia.

Liburutegiaren barnealdea ez da aldatu eraiki zenetik, duela hirurehun urte. Hor daude haritz ilunezko apal ederrak, bakoitzak bere alde zizelatua eta testua inprimatua, eta gainean mitra bana dituelarik. Halaber, hiru gelaxka edo "kaiola" dotore daude, bertan giltzaperatzen ziren lehengo garaietan liburu ez-ohikoak kontsultatzen zituzten irakurleak. Adibide bikaina da jakiteko nolakoak ziren, XVII. mendean, jakitunentzako liburutegiak. Bere jatorrian, liburu asko kateaz lotuta zeuden. Liburu bakoitzak metalezko gakotxo bat zeukan kateari lotzeko. Katearen muturrean, eraztun bat zegoen, apal bakoitzari estekatuta zegoen zurezko makilan zehar mugi zitekeena.

1707. urtean, Irlandako Legebiltzarrak "liburutegi publiko bat sortzeko eta betiko babesteko" legea onartu zuen. Liburutegiaren administrazioa Gobernatzaileen eta Zaindarien ardurapean geratu zen; hauek Armagheko eta Dublineko Artzapezpiku anglikanoak, St. Patrick eta Christ Church katedraletako deanak, Trinity College-ko errektorea eta beste lau gobernatzaile ex oficio ziren, zeinen karguak iraungi baitziren 1922. urtean, Estatua sortu zenean. Azken hauetako bat Kantzelari Nagusia (Lord Chancellor) zen eta duela zenbait urte Irlandako Gobernuak, gobernatzaileen eskariz, Auzitegi Goreneko presidentea legez gobernatzaile izendatu zuen. Gobernatzaileek eta zaindariek gordetzailea eta gordetzaileordea hautatzen dituzte. Gaur egun Muriel McCarthy, M.A. (Arteetako Masterra) eta LL.D. (Doktorea Zuzenbidean) eta Ann Simmons, B.A. (Letretan Litzentziatua), dira ardura horiek dituztenak.

Lau bilduma nagusi daude eta guztira 25.000 liburu gordetzen dira, XVI., XVII. eta XVIII. mende hasierakoak. Pentsatzekoa denez, bilduma horretan ugariak dira liturgi idazlanak, meza liburuak, brebiarioak, otoitz orduen liburuak, ia hizkuntza guztietan inprimatutako Bibliak, teologiako liburu asko eta erlijioari buruzko eztabaidak. Baina bildumazale horiek erudizio handiko gizonak ziren eta harrigarria da zenbat gai ezberdin, era askotakoak, aurki daitezkeen. Bilduma guztietan daude medikuntza, zuzenbide, zientzia, bidaia, nabigazio, matematika, musika, lur neurketa eta literatura klasikoko liburuak. Gela berezi batean gordetzen dira azken ehun urtean inprimatu diren Irlandako historiari buruzko liburuak eta aldizkariak.

Bilduma garrantzitsuena Edward Stillingfleet-ena (1635-1699) da, Worcester-eko gotzaina izan baitzen. 1705. urtean, Narcissus Marsh-ek 2.500 libra ordaindu zituen ia 10.000 liburuz osatutako bilduma horren truke. Haien artean Ingalaterrako lehen inprimatzaile batzuen liburuak daude, hala nola, Berthelet, Daye, Fawkes, Notary, Pynson, Siberch, Wolfe eta Wynkyn de Worde-renak. Richard Pynson-ek Londresen, 1524. urtean, inprimatutako salterio batek portadaren barruko aldean itsatsita dauka Thomas Wolseyk eta Campeggio kardinalak jaulkitako barkamen idazki bat, zeinetan Hereford-eko katedralerako dirua eskatzen baita. Jatorrizko koadernaketa du oraindik, Tudor familiaren arrosaz eta mahasti hostoez apainduta.

Marsh artzapezpikuak bere liburu guztiak bere izena duen liburutegira eman zizkion, baina Bodleian liburutegiari utzi zion ekialdeko eskuizkribuez osatutako bere bilduma handia. Interesa bazuen zientzian, matematikan eta musikan, bereziki, eta bere matematikako liburu askotan berak eginiko oharrak ikus daitezke. Marsh-ek hebraieraz, arabieraz, turkieraz eta errusieraz idatzitako liburuak ere bildu zituen. Azken hauek Errusiako lehenengo inprimatze garaiko ale bitxiak eta interesgarriak dira. Hebraierazko liburu batean, Italian 1491. urtean inprimatua baita, Marsh-ek duela ia hirurehun urte Liber rarissimus (liburu bakana), idatzi zuen.

Lehen liburuzaina Elias Bouhéreau doktorea izan zen, 1685. urtean Frantziatik alde egin zuen iheslari hugonotea. Beraren liburuetan, liburutegi honi eman baitzizkion, protestanteen teologia eta eztabaida jorratu ziren, eta baita Saumur-eko unibertsitatea ere, zeinetan ikasketak egin baitzituen. Europako lehen inprimatzeen adibide bikainak daude eta Galliot du Pre-k Parisen inprimatu zuen Rommant de la Rose liburuaren ale bat jatorrizko koadernatzean gordetzen da.

Clogher-eko gotzain John Stearne-k (1660-1745) bere liburuak eman zizkion Marsh liburutegiari 1745. urtean. Bilduma hau aurrekoen antzekoa da, baina liburutegiko liburu zaharrena eta ederrenetarikoa dauka: Zizeron-ek idatzitako Epistolae ad Familiares delakoa, Milanon 1472. urtean inprimatua.

Lau bilduma horietaz gain, hirurehun eskuizkribu inguru gordetzen dira liburutegian. Horietako garrantzitsuena santu irlandarren bizitzaz latinez eta, gutxi gorabehera, 1400. urtean idatzitako bat da. Prozesioetarako liburu bat ere dago, XV. mendean Dublineko San Joan Ebanjelaria elizarena zena. Bertan, Erdi Aroko drama baten pieza garrantzitsu bat dago: Aste Santuko liturgian gogoratzen den Hilobi Santuari eginiko bisita.

Marsh artzapezpikua Bedell gotzainaren Itun Zaharraren irlanderazko itzulpena inprimatzeko prestakuntzaz arduratu zen. Lehenengo aldiz, Londresen argitaratu zen 1685. urtean, Robert Boyle zientzilari handiaren laguntzari eta bultzadari esker. Bedell-ek egin zuen jatorrizko itzulpenaren bi liburuki gordetzen dira liburutegian; hirugarren liburukia eta liburu apokrifoak Cambridgeko unibertsitateko liburutegian daude.

Musikako eskuizkribuen artean, XVII. mendeko zenbait ahotsetako liburuak eta lauterako musika zifratuko liburu bikain bat, XVI. mende amaierakoa, nabarmendu behar dira. Elisabet erreginaren garaiko poesia liburuxka batean, Sir Walter Raleigh-ek Elisabet I erreginari idatzitako olerki bat irakur daiteke. Halaber, Dudley Loftus-ek bildutako eta gordetako eskuizkribuak daude, gehienak Irlandari buruzkoak.

St. Patrick katedralaren deana zen aldetik, Jonathan Swift liburutegiaren gobernatzailea ere izan zen eta, urte askoan, urteko ikustaldiez arduratu zen. Clarendon-en Erreboltaren Historia liburuan, berak egindako ohar asko daude, gehienak eskoziarren kontrako aipamen iraingarriak dira, erreboltan jokatu zuten paperarengatik.

Muriel McCarthy, M.A., LL.D.

Itzulpena: Xabier Pascual Jimenez

Irekitze Ordutegia

Astelehena: 10etatik 13etara eta 14etatik 17etara

Asteartea: Itxita egun osoa

Asteazken, ostegun eta ostirala: 10etatik 13etara eta 14etatik 17etara

Larunbata: 10:30etatik 13etara bakarrik

Igandea: Itxita egun osoa

Marsh Liburutegian badago kontserbazio sail bat, Delmas Fundazioaren diru laguntzaz eraikia. Bertako adituak prest daude liburuak, eskuizkribuak, grabatuak, marrazkiak, akuarelak, mapak, artxiboko materialak eta, oro har, paperez egindako bestelako lanak kontserbatzeko eta konpontzeko orduan beren aholkuen bidez laguntza emateko.

Telefono eta fax zenbakia: +353-1-4542511

Helbide elektronikoa: keeper@marshlibrary.ie


Marsh's Library

© 2011 Governors and Guardians of Marsh's Library

Hosted and maintained by the Department of Computer Engineering, Dublin Institute of Technology
Valid XHTML 1.0 Transitional